101L - Euskal Herriko 101 ele

Ez bat eta ez bi. 101 L ele (101 hizkuntza...)

Unesco Etxeak Hego Euskal Herrian egin zuen ikerketa baten arabera, 2007an 108 hizkuntza hitz egiten ziren. Hori kontuan izanda, Donostialdean 100 bat hizkuntza hitz egingo direla aurreikusi genuen guk. Hortik dator 101 L -101 ele, hizkuntza- proiektuaren izena. Asmoa, ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea.

Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak ezagutaraztea da webgune honen helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta erakustea. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako; elkarren ezagutza txikia delako. 101 L proiektua Badihardugu Euskara Elkarteak sortu zuen, Donostialdean hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko, eta pixkanaka beste herri batzuetara zabaltzen doa. Jatorri askotako pertsonak ari gara elkarrizketatzen eta, hizkuntzekin batera, haien esperientziak eta iritziak jasotzen ditugu, batez ere 2 gairen inguruan: emigrazioa eta integrazioa.

Helburuak

Proiektuaren helburu nagusiak honakoak dira:

  • Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea. Mundu osoko bizitza-historiak, memoria eta ohiturak, hementxe bertan.

  • Hizkuntza zein kultur aniztasuna jasotzea. Donostialdeko eta Euskal Herriko aberastasunaazaleratzea, bistaratzea.

  • Euskara ikasteak integraziorako duen balioa erakustea.

  • Elkarren ezagutza bultzatzea: jatorri ezberdineko pertsonak ezagutzea eta ulertzea.Migrazioen fenomenoaren eta arrazoien inguruko gogoeta eragitea.

  • Herritarren arteko bizikidetza eta integrazioa sustatzea.Kulturartekotasunaren balio positiboei lotutako sentsibilizazioa egitea.

  • Elkarlana bideratzea elkarte desberdinen artean.

  • Herritarren parte-hartze zabala lortzea. Herritarrei hitza ematea.

2015eko maiatzean hasi ginen proiektuarekin, Olatu Talkaren barruan, Donostiako Boulevardean karpa bat jarrita. Bertan, karpara gerturatu zirenak elkarrizketatu genituen. Horixe izan zen abiapuntua. 2015eko abuztuan, berriz, DSS2016eko Energia Olatuak programaren diru laguntza jaso genuen, herri epaimahai baten eskutik. Hala, proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dugu. 2016eko maiatzean bigarrenez parte hartu genuen Olatu Talkan, Groseko Katalunia plazan. Eta ekainean, berriz, autokarabana batean egin genituen elkarrizketak, bost egunez, Donostiako bost tokitan. Erakusketa txiki bat ere antolatu genuen.

Hori bai, elkarrizketa guztiak ez ditugu kalean egin. Hainbat elkarte eta norbanakok kontaktuak egiten lagundu digute, eta elkarrizketa asko hiztunekin hitzorduak jarrita egiten ari gara. Gehienak Donostiako Okendo kultur etxean eta Tabakaleran. Zumaiako Alondiga kultur etxean ere elkarrizketa ugari egin ditugu, Zumaiako Udalak eskatuta. Eta beste herri batzuetan ere egin ditugu zenbait, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gipuzkoa Anitz proiekturako adibidez. Pixkanaka-pixkanaka proiektua sendotzen doa.

2016an zehar elkarrizketekin jarraitu, jasotakoa landu, datu-basea antolatu eta webgunea abian jarri dugu.

Bideoz grabatzen ditugu elkarrizketak. Elkarrizketatuek euskaraz edo gaztelaniaz (batzuetan ingelesez) erantzuten diete galderei, eta segidan beraien jatorrizko hizkuntzan. Jasotzen ari garena:

  • Hizkuntzei eta aniztasunari buruzko iritziak

  • Jaioterriko oroitzapenak eta ohiturak (kultur aniztasuna)

  • Euskal Herrirako etorrera (inmigrazioaeta integrazioa)

  • Hizkuntzekiko jarrera eta pertzepzioa (eleaniztasuna): zenbat hizkuntza dakizkiten, zein den euren hizkuntzen egoera, zer iritzi duten euskararen inguruan, ikasi ote duten, eta abar.

  • Oinarrizko hitz batzuk, denei berdinak, hainbat hizkuntzatan (hiztegia).

Elkarrizketatu ditugun ia denak beste herrialde batzuetatik etorritakoak dira, eta Euskal Herrian bizi dira. Hori bai, bisitan etorritako batzuk ere elkarrizketatu ditugu, lanera edo turismoa egitera etorri direnak. Eta kalean egindako elkarrizketetan, nahi zuen orok izan du aukera hizkuntzei eta aniztasunari buruz iritzia emateko.

Laguntzaileak

Etorkinekin lan egiten duten eta kultur aniztasuna lantzen duten elkarteen laguntza ari gara izaten. Integrazioa helburu duten elkarteak ez ezik, baita kultur aniztasuna lantzen dutenak ere eta hizkuntza akademiak zein euskaltegiak. Eskerrak Okendo Kultur Etxeari eta Tabakalerari ere, elkarrizketak egiteko lekua uzteagatik. Elkarlana funtsezkoa da lan honetarako. Mila esker kontaktuak egiten lagundu diguzuen guztioi:

 

Babesleak

Andoaingo karabanak logotipoa